XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Aire sarkorrak Benitaren haizebegi zaharretik zehar korritu zuen.

Haizearen hazia aire elkorrezko magalean ernatzen somatu zuen Benitak.

- Teodoro - esan zion gero.

Haurdun negok.

Begira andraizearen magala.

Sabelari behatu gabe irribarre egin zion Teodorok.

- Baina nola nahi dun hori, Benita?

Menopausia pasa duen emakumea ezin dun haurdun geratu.

Zientziak ez din halakorik onartzen.

- Baina noizbait ere onartu beharko dik - erantzun zion Benitak segurantzaz.

Bat batean etxeko penduluak atzeraka egin zuela ohartu zen Teodoro.

Benitagana jiratu zen.

Une batez lehenengo karlistadan bezain gazte begiztatu zuen andrea.

Ezin zituen zientzia eta ametsa elkarrengandik berezi.

- Eta zientzia bera amets balitz? - galdegin zion Teodorok.

Baina lotan zetzan Benita jadanik.

Bederatzigarren hilabetea konplitu zenean hain zuen Benitak handitua sabela non gerritik beherako aldea umontzi huts bilakatu zela esan bait zitekeen.

Zangoek ere, higidur-lohadarrak baino, umontzitik zintzilikatzen ziren haragi puska kapritxosoak ziruditen.

- Globo bat ematen dun, globo bat haiz baina buelta emana - esan zion Teodorok gorputz hura ukitzerakoan desdenboraren arrastoa, azalean barne, iruntzitara gordea igartzen zuelarik.

- Haurminetan negok - ziurtatu zion Benitak -, aire bero beroa nabaritzen diat barruan bildua eta laster hila dirudien haizea nigandik birjaioko duk, birjaioko diat.

Badaezpada ere lagun nazak kanpora ateratzen.

Senarraren besagainean lagunduta irten zen Benita lekorera.

Handik gutxira, sabeleko aire beroak gora bultzata, eskuak zango eginik, azpikoz gora egin zion gorputzak.